IRAKURRI ASTE ETA HILABETE GUZTIETAKO
      AZTERKETEN IZENBURU GUZTIAK ZERBITZUAREN HASIERATIK

      HILABETEKO AZTERKETAK


      EUSKAL SARE GORRIAREN AZTERKETA-ZERBITZUKO 1997ko uztaileko azterketa

      "JULIAZOA". 1997KO UZTAILEAN ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA.

      3. Sei milioi manifestari? Berriro ere Francoren diktadurako "Plaza de Oriente" huraxe. Berriro ere errealitatearen faltsuketa barregarri espainiar eta faxista.

      Beren adina dela eta erregimen faxista historikoak (Mussolinirena Italian eta Hitlerrena Alemanian) ezagutu ez zituzten gazteek ere, badute haien irudizko erreferentzia trinkorik dokumental eta filmeei esker. Balkoi edo oholtza baten gainetik mintzo zitzaien hizlariaren inguruan bildutako gizon-emakumeen masa kontzentrazioan datza erreferentzia hori. Masarekin sasi-elkarrizketan diharduen hizlaria, hitz egiten baino orroaka ari den masarekin hain zuzen, berezko hitzik gabeko jendetza baita, zirkuko animalia bezala otzandua eta hezitzaileak (hizlariak) makilaz (ahozkoaz zein keinuzkoaz) ziztatu behar duena orroe egin dezan. Burges txikien sena irrazional guztiak gorroto ideologiko bizi bilakatuz, ahozko estasi zitala eragin nahi duen hizlari honek maila apaleneko hizkuntzeko adibideak jasotzen ditu erantzun gisa (putakumeok!!!), populazio funtzionalki alfabetatugabea murgilduta dagoen kultur-lohi zikinenaren jarioa. Gaur egungo espainiar biztanleriaren kasuan, burmuinak zikiratu dizkieten masa komunikabideen ekintzaren ondorioz, hiztegia eta ideiak urritzeko eta minberakeria eta arrazionaltasunik eza, sentimenduen agerpen ia pornografikoa eta emakume eta haurrak biktimatzat dituzten gertakarien xehetasun txikienak ere jakiteko grina gaixoa, sadikoa eta masokista xaxatzeko eguneroko lanean dihardute hedabide horiek.

      Mussolinik bere balkoia zuen Piazza Venezian, Plaza de Orienten Francok, eta Aznarrek Puerta del Solen ipini du oholtza, bere kasuan bitartekari baten bidez jardun duelarik. Bikario baten bidez (Victoria Prego kazetaria hain zuzen).

      Francoren Plaza de Orienteren erreferentzia bereziki egokia da "JULIAZO" delakoa ulertzeko. Izan ere, erregimen frankistak antolatzen zituen masa-mobilizazio faxista guztiak Plaza de Orienten kontzentrazio bat eginaz burutzen baitzituen beti, MILIOI BAT LAGUN biltzen zirelarik beti. Genozida hura hil artean ezin izan zen argitara eman, Plaza de Oriente neurtuta fisikoki ezinezkoa zela han ehun mila lagun baino gehiago sartzea.

      JULIAZOan gauza bera gertatu da. Espainiar kazetariek zenbatutako ehundaka milaka manifestarien kopuruak gora eta gora egin zuen SEI MILIOItako kopuru liluragarrian geratu arte (oraingoz). Hilaren 13an, igandea, egunkari bateko lehen orriak zera zioen: "Milioitik gora lagunek manifestazioa egin dute Espainian atentatu ankerra gaitzesteko".(3) Asteartean, hilak 15, tituluak zera aldarrikatzen du: "Hiru milioi espainiarrek aurre egin diote ETAri".(4) Mayor Oreja Barne Ministroa "kaleetan lau milioi lagun bildu zituzten manifestazioez" mintzo zen astelehena 21eko data zuen aldizkari batek argitaratutako elkarrizketa batean. (5) Eta astelehena 28ko data zuen beste aldizkari batek zera zioen: "Hamabi milioi esku zerura jasoak. Sei milioi lagun atera ziren Madril, Bartzelona, Zaragoza, Sevilla eta hainbat hiri eta herritako kaleetara…" (6)

      Kopuru hauek guztiak lotsagabeki EXAJERATU, HANDITU, FALTSUTU dituzte noski. Francoren erregimen faxistaren eta Francok izendatu zuen erregearen erregimenaren arteko jarraipen eta iraupen aldaketarik gabekoa argien erakusten duen gertakaria dugu hain zuzen, espainiar kazetariek eta espainiar udaltzaingo, polizia nazional eta autonomikoek egiten duten manifestari kopuruen faltsuketa lotsagabea. 1997ko lehenbiziko zazpi hilabeteetan 628.656 auto saldu dira espainiar Estatuan (7) eta, zentzuzkoa denez, ez zaio inongo egunkariri, telebistari, irratiri zein aldizkariri burutik pasa ere egin bi edo hiru milioi auto saldu zirela zioen kopuru asmaturik argitaratzea. Eta, hala eta guztiz ere, maiz ematen dituzte argitara lotsa izpirik gabe (erruz egin ere JULIAZOari dagokionez), asmatutako kopuru faltsu eta nabarmenki sinisgaitzak, manifestazioetara bildutako jendeari buruz.

      Ezinezkoa badirudi ere, airetiko argazkiak (etxe-orratz zein helikopteroetatik) lortzea merke bezain errez den garai honetan, eta zenbatzaileak erabiliz zein erabili gabe pertsona multzo txiki batek manifestazio batera bildutako jende kopurua zenbatzea aise asko egin daitekeen garaian (lerroen maiztasuna eta lerrootan zenbat jende doan neurtzea manifestazioko gune ezberdinetan), ez dago manifestazio bateko funtsezko datua den horixe -manifestazioan bildutako jende kopurua, alegia- berresten duen espainiar komunikabiderik. Eta «dagokion agintariak» bere interesei jarraiki puztutako edo zapuztutako kopuruak argitara eman besterik ez dute egiten.

      Salbuespen bakarra dago espainiar Estatuan jokamolde horri dagokionean, izan ere, BADAGO manifestari kopurua bere kasa zenbatzen duen egunkari bat. Ez da espainiarra baina, EGIN egunkari abertzalea baizik. Egunkari horretako kazetariek beren irakurle eta adiskideen kritika batzuetan oso latzak jasaten dituzte ezker abertzalearen manifestazioetan bertan, manifestari kopuruak jakitera eman ahala. Izan ere, gaizki ohitu baititu espainiar prentsaren eta gainerako komunikabideen praktika iruzurtiak eta uko egiten diote EGINeko lantaldeek zenbatutako kopuru txikiak sinisteari. Badakit zertaz mintzo naizen dozenaka manifestazio zenbatu baititut neronek, EGINekin elkarlanean askotan. Adibide esanguratsu bat aipatuko dut: 1981eko otsailean, Ryan Lemoizko injinariaren hilketaren aurka hilaren 9an egindako manifestazioan bildutako jende kopurua zela eta poliziak esandako (eta espainiar komunikabideek lau haizeetara zabaldutako) gezurrak bultzata, hilaren 16an Joseba Arregi akabatu zuten torturak salatzeko Bilbon egindako manifestazioan 200.000 lagun bildu zirela esan zuen polizia horrek. EGINek larunbata 9an 45.000 lagun zenbatu zituen, eta 40.000 besterik ez, berriz, Arregiren manifestazioan (Bilbokoaz gain, 20.000 Donostian, 18.000 Gasteizen eta 9.000 Iruñean). (8)

      Espainiar mass-mediek errealitateaz egin ohi duten faltsuketa honek lotsagabeziaren marka guztiak hautsi ditu JULIAZOan, atzetik asmo zitalik izango ez balu farregarri liratekeen mugetara heldu delarik. Adibidez, Bartzelonako astelehena 14ko manifestazioari dagokionez, MILIOI BAT laguneko kopuru biribil bezain susmagarria eskaini ziguten etengabe eta aho batez (Francoren garaiko Plaza de Orienteko milioia bezalakoxea, alajaina!). Biharamoneko DIARIO DE NAVARRAk ondokoa argitaratu zuen COLPISA agentziaren informazio batzuetan oinarrituta: «Milioitik gora lagunek, udaltzaingoaren arabera, leporaino bete zuten bere hedadura osoan Graciako pasealekua, kilometro t'erdi baino luzeago eta hirurogeita hamar bat metro zabal dituena... (manifestazio-burua) 19.30etan abiatu eta 45 minutu beranduago heldu zen Catalunyako plazara. Orduan manifestazioaren atzeko aldea ez zen oraindik abiatu». (9) Errez atera daitezke kontuak: 1) demagun manifestariak oso-oso estu zeudela elkarren kontra, Gracia pasealekuko metro bakoitzeko BI lagun elkarren segidan sartzeko moduan; 2) 70 metro zabalekin biderkatuz gero, 140 lagun ditugu Gracia pasealekuko metro luze bakoitzeko; 3) 140 lagun metro luzeko bider mila eta bosteun metro berreun eta hamar mila (210.000) lagun dira gehienez ere. NON ZEUDEN MILIOIRA ARTE FALTA DIREN GAINONTZEKO ZAZPIEHUN ETA LAUROGEI ETA HAMAR MILA (790.000)LAGUNAK?

      4. Ezinezko kopuru sinisgaitzak eman ziren beste manifestazio baten adibide izugarria: Zaragozakoa.
      ASTEROKO AZTERKETA ETA INFORMAZIO ZERBITZUA Hasierako orrira